
Pasioak eta «erantzukizunak» bultzatuta, «remember» bat Danian: «The Basques are back»
Dania Beach pilotalekua, Gernikakoa edo Durangokoa baino zaharragoa da. Ehun urte pasa dira zesta-puntak ozeanoa zeharkatu eta AEBtara iritsi zela. Jai Alai bada Euskal Herria nazioartean ezagutzera eraman duen adiera. Hango urrezko aroa amaituta, Daniara itzuliko dira profesionalak.
Estatu Batuetan oraindik zabalik dagoen pilotaleku luze bakarra da Daniakoa. Urtean hilabete batzuetan zehar jokatzen dira txapelketak, puntista amateurrekin. Hein handi batean, plaza garrantzitsua da –akaso, gordetzen duen historiak bultzatuta– urratsa eman nahi duten kirolari horientzat.
1953an inauguratu zen Dania Beach Jai Alai, Durangoko Ezkurdi baino bi urte lehenago eta Gernikako Jai Alai baino hamarkada bat lehenago. Izan ere, bada jada mende bat zesta-puntak ozeanoa zeharkatu eta AEBak zapaldu zituenetik. Ezin uka, kirol honen historia zabalaren protagonista direla Ameriketako Estatu Batuak, eta Jai Alai izan dela adiera bat Euskal Herria nazioartean kokatzera eraman duena. Munduan zehar bidaiatu du eta arrakasta gehien Estatu Batuetan lortu zuen.
Mende oso bateko historia eraiki du Jai Alaik Estatu Batuetan. 1924an iritsi zen Floridara, eta Hialiah izeneko zonaldean eraiki zuen enpresari talde batek lehen pilotalekua, gaur egun Miamiko metropoliaren parte dena. Bi urte beranduago, 1926an, Biscayne Fronton izenez ezaguna egin zen pilotaleku ospetsua eraiki zen eta Hialiah-ren lehiakide zuzena izan zen. Urte horretan, hurakan handi batek Miami hiria txikitu zuen eta orduz geroztik ez zuten gehiago zabaldu Hialiah pilotalekua, Jai Alai AEBtara eraman zuen lehen frontoia, alegia. Bertako enpresariak, baina, New Orleans eta Chicagora lekualdatu ziren, zesta-punta hiri horietara zabaldu asmoz.

Dena dela, zesta-puntaren historia goitik behera aldatu eta sinetsi ezineko lekura eraman zuen erabakia 30. hamarkadan iritsi zen, Floridan apostua legeztatu zutenean (1935). Pilotaleku berriak ireki ziren; lehenik, Floridan eta ondoren, 1970. hamarkadan, Connecticut, Rodhe Island eta Nevada estatuetan. Hazkunde horren baitan ulertzen da Dania Beach pilotalekuaren eraikuntza (1953).
Zesta-punta ikustera joatea prestigio handiko ekintza soziala bilakatu zen. «The place to be», bertan esaten den moduan
Kantxak 54-56 metro luze inguru eta harmailetan egun bakar batean 12.500 pertsona jasotzeko gaitasuna zuen pilotalekuak –egun, 600 bat eserleku ditu–. ‘The Palace’ bezala ezagun egin zen eta zesta-punta ikustera joatea prestigio handiko ekintza soziala bilakatu zen. «The place to be», bertan esaten duten bezala. Egun, «the place to be» hori Gernika bilakatu da, astelehenero bertan biltzen baitira 2.000 zaletutik gora, bai eta Euskal Herriko panorama politiko, kultural eta pertsonaia mainstream-enak.

Zesta-puntak beti izan du nazioarteko izaera bat, jaio zenetik. Baliteke, egungo egoera salbuespena izatea. Alegia, Euskal Herrian indartsu eta nazioartean ahul egotearena. 2021ean AEBtako azken pilotalekua itxi zenetik, zesta-puntaren maitale eta jarraitzaileek jakin izan dute sugarra hauspotzen Euskal Herrian; kirol historiko eta ikusgarri hau, guztiz gainbeheran erori aurretik, sototik atera eta argiztatzen. AEBtan egonkortasun bat zeukaten puntista horien izen ona eta sona probestuta, urtetik urtera, neguko zein udako egutegiak indartu dira Euskal Herriko pilotaleku ezberdinetan, jarraitzaile talde oparoarekin. Lehen udaran etortzen ziren ‘tournee’ modukoa egitera AEBtatik Euskal Herrira, izar gisara. Orain, etxean izar izan da, AEBtara itzuliko dira, garai oparoak oroitarazi, nostalgia apur bat dariola, han oraindik bizirik jarraitzen duen sugartxoa ere guztiz itzali ez dadin «erantzukizunarekin».
Denera, garai onenean, 16 pilotaleku egon ziren zabalik AEBtan eta 500 pilotari ingururen zirkuitoa osatu zen, hainbat enpresatan banatuta
Denera, garai onenean, 16 pilotaleku egon ziren zabalik AEBtan eta 500 pilotari ingururen zirkuitoa osatu zen, hainbat enpresatan banatuta. Hasieran, denboraldiak motzak izaten ziren, baina apostuek indarra hartu eta negozioaren errentagarritasuna ziurtatuta, 80. hamarkadan, eskaintza urte osora zabaldu zen. Oparotasunak eta errentagarritasunak, baina, ekarri zituen baita ere garai ilun batzuk. Lan gatazkak piztu ziren eta horietatik garrantzitsuena, 1988. Urteko greba izan zen. Lanuzteak 1991. Urtera arte luzatu ziren eta mugarri erabakigarria iazn zen. Aposturako modu berriak legeztatu ziren, kirol berriak agertzen joan ziren (Miami Heat eta Florida Panthers, NBA eta NFL ligetan, hurrenez hurren) eta zesta-puntaren gainbeheraren lehen aletxoa orduan hasi zen.

Hasiera batean, Jai Alai lizentzia zen Casinoa irekita edukitzeko baldintzetako bat. Geroztik, asko aldatu zen egoera eta behin, baldintza hori desagertuta, pilotalekuak bat bestearen atzetik ixten joan ziren. 2021. urtean, Daniakoa izan zen ixten azkena. Itxierak behin betikoa zirudien arren, Benny Bueno pilotalekuko intendentearen eskutik, oraindik, hilabete gutxi batzuen buruan bada ere, tarteka irekitzen duen pilotaleku luze bakarra da.
«Berpizteko» aukera
Han hazi dira Imanol Lopez, Aritz Erkiaga, Xabi Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa, esaterako, egun Euskal Herrian puntista profesional gisara jokatzen dutenak. 2021eko Daniako pilotalekuaren itxiera ekitaldian han ikusi genuen Johan Sorozabal negar batean, bi urte lehenago hara iritsi eta bere ametsa itzalita ikusi zuelako. Eta Mikel Mancisidor ‘Manci’-k hango kinielak etxetik ikusten zituen, inoiz hara joango zen itxaropen biziarekin. Mutrikuarra iritsi da han jokatzera baina behin AEBtako urrezko aroa bukatu eta amateurren txapelketekin hasi direnean.
Sei puntista hauek itzuliko dira Daniara, ‘Biscayne Cup’ jokatzera, otsailaren 20tik 22ra. «Imanol Lopezek han eman zituen lehendabiziko urratsak eta bertakoek eskatu digute. Aritz Erkiaga, egungo puntistarik ikusgarriena bertara eramatea ere eskatu digute, bai eta Barandika, Lekerika eta Johan Sorozabal ere, bertako puntistak izan baitziren zenbait urtez. Mikel Manciren aukeraketa lan onaren saria da», kontatu du Iñaki Osa Goikoetxeak, Eraman! enpresako kirol zuzendariak.

Gernikan aurkeztu dute enpresaren lehen nazioarteko txapelketa eta honen arrazoiak bata bestearen atzetik pilatzen saiatzen ari diren bitartean, Imanol Lopezek, bere eskarmentuarekin, hitz bat nahikoa dauka: «Citrusen ‘remember’ bat izango da. Citrusen beti betetzen zen pilotalekua. Pilotaleku bakoitzeko pilotariak joaten ginen hara, pilotarien festa bat egiten zen eta orain ere antzerako zerbait».
Lopez: «Citrusen ‘remember’ bat izango da. Pilotaleku bakoitzeko pilotariak joaten ginen hara, pilotarien festa bat egiten zen»
«Citrus, World Series edo NAJF garai bateko txapelketa handiak izan ziren, horietan batzen ziren AEBtako komunitateko fanatikoak eta uste dugu, beraiek ere faltan botatzen dutela horrelako zerbait», esan zuen Zigor Etxeberriak, Eraman! Jai Alai enpresako kideak.
«Hitzordu polit bat ikusten dut zesta punta berriro berpizteko. Han ez dago oraindik olatu hau, formatu ezberdinekin ari dira, baina horrelako txapelketa bat egitea gaur egungo elitearekin erraminta polita izan daiteke hango egoera iraultzeko», gehitu zuen Lopezek, Jai Alai Ligako egungo txapeldunak.
Apostuak alboratu, kirolak irabazi
Gotorlekua berpizten saiatzetik harago doa Daniarako itzulera. «Herriaren erantzukizuna ere bada zesta-puntaren sugarra ahal den neurrian mantentzea. Aukera hori guri egokitu zaigu eta iruditzen zaigu behar horri aterabide bat eman behar geniola», azaldu du Etxeberriak. Pasiotik eta erantzukizunetik abiatzen da, beraz, errelato baten iraupena luzatzeko asmoz bai eta urrats bat harago joateko beharra ere.

Hain zuzen ere, orain arteko zesta-puntaren errelatoa AEBtan apostuen zoriari lotuta joan da. Orain, Biscayne Cupekin hori guztiz aldatuko da. «Beti apostuez lotuta egon da zesta-punta. Kiniela ere 1etik 8ra dira, txakurrak edo zaldiak bezala. Aposturako formatua izan da, kirola ez da hain garrantzitsua izan. Orain hara joatea txapelketa batekin, Jai Alai Ligaren barnean, kirolarentzako garrantzitsua da. Apostuen arabera ireki edo itxi dira frontoiak, eta orain kirola ardatz dela lur hartuko du Danian».
Zigor Etxeberria: «Herriaren erantzukizuna ere bada zesta-puntaren sugarra ahal den neurrian mantentzea. Aukera hori guri egokitu zaigu»
Xabi Barandikak sei urte «polit» eman zituen Danian eta berri ontzat jo du han Gernikako enpresarekin txapelketa jokatzea. Erkiagak ere, ildo beretik, pozgarritzat jo du Daniako itzulera. Kasu honetan, Ispasterkoak uste du han dauden gazteentzat «hauspo» izan daitekeela Biscayne Cup txapelketa. «Ikasteko plaza» egokitzat dauka Dania: «Guk han ikasi genuen jokatzen, han ikasten da puntuen balioa eta gazteak hara joaten jarraitzea garrantzitsua da. Era berean, gazte hauek txapelketa hau jokatzen dela ikusteak ere balioan jarriko du hango lana, eta hurrengo denboraldietan partida gehiago jokatzea ekar lezake».
MASTER FORMATUA, LAU BIKOTE
Biscayne Cupek Master formatua edukiko du eta Jai Alai Ligarako puntuagarria izango da. Otsailaren 20an eta 21an finalerdi bana jokatuko da eta 22an bukatuko da, final handiarekin (ETB1ek zuzenean emango du).
Oraingoz, bertan lehiatuko diren sei puntisten izenak eman ditu ezagutzera antolakuntzak: Erkiaga, Barandika eta Johan Solozabal aurrelariak eta Lopez, Lekerika eta Manci atzelariak. Falta diren beste bi bikoteak, Daniako txapelketako irabazleak izango dira. Hauek ezagutzean, osatuko dituzte behin-betiko bikoteak.